andoni egana

Begira...!

2024ko apirilaren 25a
05:00
Entzun

Nerabe garaian kantu piperrik gabekotzat geneukan. Ez zegoen gure kuttunenen artean. «Ikusi mendizaleak, baso eta zelaiak...». Eskautena zirudien askatasun aldarri sasoi bipil haietan. Gerora, talderen batek erritmoa eta kantaera aldatu, eta kirolguneetan entzuten hasi ginen. (Esan dezadan, bidenabar, lehen hitzetik huts egin eta belarririk mintzen ez duen hizkuntza beti izango dela erkindua. Bakarra al naiz «Begira mendizaleak...» behar lukeela pentsatzen duena?).

Ez dut hizkuntzaz aritzeko asmorik. Baso eta zelaiak ditut gaur aipagai. Ez da oro kantuan bezain eder eta arnas-emaile, nonbait. Iskanbila sortu da azken asteotan. Lurraren Altxamendua mugimenduak Azpeitia eta Zestoa artean hainbat eta hainbat zuhaitz moztu ditu eta, besteak beste, ENBA eta EHNE sindikatuek eta Basoa Elkarteak gaitzetsi egin dute ekintza.

Ongi/gaizki, edo arrazoiz/arrazoirik gabe baloratzen hasteko ez naiz gai. Esan dezagun adabegi gehiegi duela gaiak iritzi tinkoegiak finkatzeko. Baina bi datuk eman didate atentzioa. Zuhaitzak moztu zituzten eremuaren izena da bata: Markes Baso. Bestea, eremu horietako baten jabegoa norena den: Kutxabankena. Gauzak ez dira gehiegi aldatu mendeen joanean. Lehen, odoletik zetorren jabetza. Egun, izerditik. Besterenetik, jakina.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.