Joan zen udazkenean Osakidetzaren premian izan nintzen ordura arte ia inoiz ez bezala. Hiru hilabetean ongi hartu ninduten. Profesional. Adeitsu. Euskaraz. Osaketa prozesuaren amaiera aldera, Gabonen bezperan nuen hitzordua herriko osasun zentroan, eta errehabilitazioan lagundu zidaten aseguruko medikuak eta fisioterapeutek jakinean jarri ninduten: «Esaiozu medikuari hezurra ongi egon arren tendoiren bat kili-kolo daukazula, hori ez da erradiografian azalduko eta». Joan nintzen. Ordezko mediku bat egokitu zitzaidan. Begiratu zion plakari. Hasi nintzaion esan behar nuena esaten eta bukatzerako eman zidan hurrengo hitzordua. Dena ongi. Bederatzi hilabete barru hurrengo zita. Mediku egoskor harengatik gaizki esaka irten nintzen…
EHUko Farmazia Fakultateko ikertzaile eta irakasle den Jon Zarate Sesmari irakurri berri diogu: «Segurtasun klinikoa arriskuan jartzen ari den profesionala euskara ulertzen ez duena da». Bat nator. Euskaldun asko gara, gure oinazeen deskripzioa gazteleraz egiteko gauza izanik ere, erdaraz pertsuasio gaitasuna galtzen dugunak. Eta hizkuntza, nagusiki, ez da hau edo hura deskribatzeko tresna, nahi dugun huraxe lortu ahal izatekoa baizik.
Ni, azken hitzordu hartatik, nahi nuenik lortu gabe irten nintzen. Haurdunaldi bat zain. Egoskortzat jo nuen mediku hura. Akaso, erdalduna bakarrik zen.