Bien arteko mugan berezkoa da behe-lainoa. Gazterik gehienek, berriz, ez dakite mugarik badenik ere. Baina izan, bada. Oso zail egiten zait, ordea, bereizten zer den ondoezik egotea eta zer gaixorik egotea.
«Ondoezik dago» askotan entzun izan dugu. Sumatzen dut gaixorik egotea baino zerbait arinagoa dela. Baina non dago muga, medikuari bisitan? Ondoezik zegoena gaixo bihurtzen da medikuak hala diagnostikatzen badu? Ez dakit…
Bi urtez bildu gabe egon ondoren, Eusko Jaurlaritzak Gizarte Elkarrizketarako Mahaia abian jartzeko asmoa omen du. Jaurlaritza bera, Confebask eta sindikatu batzuk, ELAk eta LABek aspaldian utzi baitzioten mahai horretara azaltzeari. Eta arduragai nagusia, lan absentismoa. Gurean inon baino handiagoa omen da. Hogeita bi egun pasatxo langileko eta urteko. Ez dakit, sumatzen dut baina, bilera euskaraz egingo duten. Euskaraz egingo balute bi hitzen arteko muga zehazten hastea ez litzateke bide txarra. Nor dago ondoezik eta nor gaixorik? Gaixorik ez zara lanean hasiko. Ondoezik bai? Baina hori ere ez litzateke irizpide erabatekoa. Hain zuzen ere, ongizatearen gizarte honen ezaugarrietariko bat baita ondoeza sortzea. Dena nahi, ia denetik eduki... eta halere, dena falta zaigun ustea. Eta hori gaixotasuna da, gaixotasunik bada.