andoni egana

Itsasarteak

2025eko ekainaren 24a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Letra bakar batek alda dezake mundua. Eta ez naiz ari garai batean zorpekoak epeka ordaintzeko erabiltzen zuen letra modu hartaz. Ari naiz hizki soilez. Bat erantsi, bat kendu, bat aldatu… eta mundua bera itzulipurdikatuko duzu.

Umetan, geografia ikasten ari ginela, itsasarteek bazuten xarma bat itsas golkoek, lurmuturrek edo ibaiek ez zutena. Ez genuen egiazko itsasarterik ezagutzen eta irudikatu egin behar izaten genituen. Gibraltarko itsasartea, Europa eta Afrika bereizten zituena, azal-kolore desberdinetako jendeen lurrak. Beringekoa, Amerika urruna eta Asia urrunagoa banatzen zituena, ludiaren borobiltasuna ulertzeko lagungarri. Edo Drakeren itsasartea, izena pirata bati zor ziona, eta ondorioz, gure irudimena besteek baino sutsuago pizten zuena…

Orduan ikasi bagenuen dagoeneko ahaztua geneukan itsasarte baten izena entzuten hasi gara orain edonon, Drake ez den bestelako pirata bat bereak eta bi egiten ari denez; Ormuzko itsasartea. Bazenik ere ez bagenekien, ikasiko dugu ongi orain non dagoen! AEBen erasoari erantzunez Iranek ixten badu, mundu osoan jasango omen ditugu ondorioak. Faltako omen zaigu denetik, baina, batik bat, petrolioa. Batzuk sumatu ditut kezkatuta. Eta kezka beldur bihur daiteke eta beldurra izu. Itsasarte zena itsas ate egitea aski. Hizki bakar batek zenbat dezakeen!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.