Ez nekien zergatik deitzen zaion Itsaso Beltza. Begira ibili naiz. Arrazoi bat baino gehiago aipatzen dituzte. Ur haietan hidrogeno sulfuro asko delako eman ziotela izen hori dio zenbaitek; beste askok aipatzen du neguko denboraleetan hango urek hartzen duten kolorearengatik dela; garai bateko persiarrek ipar-hego-ekialde-mendebalde koloreen bidez bereizten zituztela eta itsaso hura iparraldera zeukatelako izendatu zutela beltz dioenik ere bada. Gutxienekoa da arrazoia gertakariak larriak direnean.
Gizon batek 13 urteko alaba hil du Bilbon, bere buruaz beste egin aurretik. Nazka. Amorrua. Higuina. Aztoramendua. Indarkeria bikarioaren zantzuak. Ankerkeria handiagorik ezin otu zaio pertsonari: «Ni banoa. Baina nirekin daramat gehien maite duzuna. Zu hor geratzen zara, bizitza osorako hondoratua».
Eva neskatilaren ama darabilt gogotik kendu ezinik. Goizaldera irten zen laguntza bila, baina alferrik. Beranduegi zen. Errumaniarra dela irakurri dut. Errumanian jaio zela, itsasertzean. Eta irudikatu dut datozen urteetan, gizonezko malapartatu baten arkeriarengatik, Kantauri itsasotik hain gertu, baina beti Itsaso Beltzera begira bizitzera kondenatua. Itsaso Beltzera begira jaio izana gauza naturala da; Itsaso Beltzera begira bizi beharra ez. Hori geuk eragina da. Geuk konpondu beharko dugu. Eta aspaldi zen berandu.