Hedabide batean baino gehiagotan argazki bertsua lehen orrirako. Valentziako Picanya herriko kale bat, uraren indarrak elkarren gainean kokatu dituen autoz betea. Han-hemenka, gizonezko batzuk, lau hemen, hiru han, bi ezker alderaxeago… zerbaiten bila.
Antzeko argazkiak dira. Baina ez berdin-berdinak. Ez daude leku beretik atereak. Horrek eskaintzen digu aukera, hedabide baten baino gehiagoren argazkiak elkarren ondoan jarri, eta duela bi egun arte kalea bere osotasunean nolakoa zen jakiteko. Kalearen eskuinaldera, Hersol Tintoreriaren txartela ageri da. Nori axola zaio orain arropan mantxatxo bat edo ongi lixatu beharreko beroki bat? Ondoan, Inmo Habitat higiezinen agentzia. Higiezinak zertarako? Higiezinik ez dela erakutsi berri digu berriz ere naturak eta gu kontrakoan egoskortuta gaude! Urrunxeago, Forn gozo denda. Zer ospatzeko erosiko ditugu pastelak, dena aiene eta negar denean? Kalearen eskuinaldera, Guerrero «Oilasko erreak eta etxera eramateko jakiak». Zer eraman behar duzu etxera, etxea bera eraman badizu uholdeak? Aldamenean, Darkness Pub Metal Bar. Jendeari ez zaio tabernarako gogorik geratuko. Aurreraxeago, FIATC aseguru etxea. Hauek bai. Hauek bisita asko izango dute hurrengo asteetan…
Hondamendia hainbestekoa denean, inguratzen gaituenak zeinen gutxi axola duen konturatzen zara.