andoni egana

Lurmuturra

2024ko urtarrilaren 3a
05:00
Entzun

Huthien erasoen beldur, zamaontzi askok eta askok Itsaso Gorritik igarotzeari utzi diote, eta Afrika inguratuz, Esperantza Oneko lurmuturretik barrena helduko dira mendebaldera. Ibilbide luzeagoa. Egun gehiago. Produktuen garestitzea...

Indietarako ibilbide baten bila zebiltzan portugaldarrak ia ehun urte lehenagotik, Afrikako itsasertzean hegoaldera eginez. Bartolomeu Dias izan zen, 1488an, hegoaldeen zegoen lurmuturra aurkitu zuena. Hura jiratu, eta India aldera jo zezaketen. «Denboraleen lurmuturra» deitu zioten, han beti baitzen haize gogorra eta itsaso zakarra, ekaitzak noiznahi. Izenak badu, ordea, izanarekin zerikusirik. Eta izen zaharrak beldurra areagotu baino ez zuela egiten konturatzean, «Denboraleen lurmuturra» izendatu zuten hura «Esperantza Oneko» lurmutur izendatzea erabaki zuten. Hartara, beldurrari gain hartuko zion ilusioak eta marinelek lasaiago ekingo zioten bidaiari.

Akaso hain sorrera bihurria izan zuelako harritzen gaitu oraindik ere izen berriak. Esperantza ona. Esperantza txarrik ba al da, ba? Bestalde, urte hasieran gertatu den honek badu neoliberalismoaren goiburu izateko adinako esan-indarra: «Ez zeharkatu Itsaso Gorria, arriskutsua da eta. Zatozte esperantza onaren bidetik, eta dena ongi joango zaizue!».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.