HITZ ETZANAK

Prekaritatea

andoni egana
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Azken hamar-hamabost urtean ezagutu dugu egoera bat, gure belaunaldikoentzat aski berria. Lan egin arren, lanpostu bat izan arren —behin-behinekoa gehienetan, baina ez derrigor—, pobre, oso pobre bizi behar izatearena, hilabete amaierara iritsi ezinean.

60 urte ditu. Lanpostu finkoa eman diote eta gustura dago, aspaldian batetik bestera ibili behar izan baitu. Baina eman dioten lanpostua partziala da. Hogei ordu astean. Eta soldata horrekin ez zaio iristen. Egingo lituzke gustura berrogei, soldata itxuroso baten truk. Xelemon egin behar izan du pertsonal-buruarekin hitz egiteko. Eta ezetz esan dio, ezinezkoa dela lanaldi osoa, eta, gurasokeria nabarmenez, aholkatu dio begiratzeko ze gizarte-laguntza izan ditzakeen bere soldata osatze aldera.

Ez daki zer egin langileak. Baina badaki enpresari oso gutxi kostatzen zaiola bere izerdia. Badaki bere soldataren zati handi bat gizartearen sakelatik irteten dela —enpresak diru-laguntza baitu 55 urtetik gorakoak kontratatzeagatik—, eta, aldiz, bere lanaren emaitza enpresaren zakura doala oso-osorik. Eta orain, enpresak aholkatu dio berriz ere gizartearen sakelak miatzen hasteko, berak ematen ez dionaren bila. Halere, lasai. Datuek diote ongi goazela. Batzuk, oso ongi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.