inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Bertako intxaur ustelak

2017ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Mario Fernandezi bi alderditako hiru goi agintarik deitu zioten Mikel Cabieces EAEko gobernu ordezkari sozialistari lana —edo soldata— eman ziezaion Kutxabanken. Bankuko presidente ohiak auziko epaiketan aitortu zuenez, «ohikoa» izaten zen «borroka antiterroristan» ardura handia izan zuten agintariei halakoak egitea. Deia «normala» izan zen, beraz, eta Cabiecesi ere egin zioten tokitxo bat. Hala, hiru urte pasatu zituen Kutxabanken soldata jasotzen, bertan lanean aritu gabe. Dirua bidegabe erabiltzeaz errudun jo ditu EAEko Auzitegi Nagusiak Cabieces, Fernandez eta Rafael Alkorta abokatua, eta sei hilabete eta urtebete arteko zigorra ezarri die.

Auziaren hariari tira liezaiokete epaileek jakiteko ea nortzuk deitu zioten Fernandezi Cabiecesentzako fabore eske. Zeren litekeena da gaur egun Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aginte organoetatik urrun ez ibiltzea politikari horiek, eta, beraz, arrisua izatea halako, edo antzeko, kasu gehiago izateko.

Kasualitatez edo ez, atzo bertan bi urte eta erdiko zigorra ezarri zion Bizkaiko probintzia auzitegiak Bakioko alkate ohi Txomin Renteriari (EAJ), hirigintza iruzur batengatik. Herritarrak ohituta daude ustelkeria kasuen berri jasotzera urrutiko herrialdeetako intxaur ustelak balira bezala. Baina hemen ere badira intxaurrondoak, eta intxaurrak ematen dituzte, agerikoa denez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.