inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Coca-Colaren COP27a

2022ko azaroaren 9a
00:00
Entzun

Iaz ere, Glasgowko COP26 klima aldaketari buruzko goi bileraren sustatzaile nagusietako bat zen Coca-Cola, beste hamaika enpresa oso kutsatzailerekin batera. Guztien artean, Frantziak baino CO2 gehiago isurtzen zuten enpresak ziren Nazio Batuen Erakundearen klimari buruzko bileraren finantzatzailerik handienak. Aurten ere, hor dago Coca-Cola, Egiptoko bilerako finantzatzaile nagusien tokian.

Ingelesez greenwashing esaten diote enpresa kutsatzaile askok egiten duten marketin faltsuari. Zuriketa berdea izan daiteke horren euskarazko itzulpena. Coca-Colak erabilera bakarreko 100.000 milioi botila inguru ekoizten ditu urtero-urtero, eta, hala, plastikozko zabor sortzailerik handiena da.

Atzo, NBEk ohar bat egin die enpresa eta erakundeei: ez diezaiotela euren buruari zero isurtzaile neto izendapena ezarri erregai fosiletan inbertitzen duten bitartean. Izan ere, jendaurrean berdez jantzita agertzen diren bitartean, patrikak betetzen dituzte erregai fosilen putzu beltzetako diruarekin. Parisko Ituna sinatu eta zortzi urtera, inoizko zortzi urterik beroenen ostean, broma gutxirako dago jendea, bereziki arazoaren aurpegirik latzena jasaten ari diren herrialde pobretuetan. COPek sinesgarritasun arazo bat du, eta lorpenen bat behar du, erakutsi nahi badu, Morauren kantuak dioen legez, Coca-Cola lata bat baino gehiago dela utopia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.