Bi argazki. Jar diezaiegun izenburua. Aurore eta Goizalde, adibidez. Bietan, ETAko kide izatea leporatzen diete protagonistei; bietan, jendea dute inguruan babes harresi gisa, eta poliziak aurrean, atxiloketa aginduarekin. Bakarrean lortu dute herritarrek atxiloketa geldiaraztea. Ez da argazki bien arteko desberdintasun bakarra.
2011ko ekainaren 21ekoa da bat, Aurore izena du protagonistak. Martin abizena. ETAkoa goitizena. Euskal Herri independente baten aldeko politikaria. Atzo goizaldekoa da bestea, gazte independentistak ditu erdigunean, ETAkoak aliasa erantsi diete horiei ere. Bada, ordea, desberdintasun ageriko bat, eta ez nolanahikoa: Aurore Martinen atxiloketaren aurkako mugimenduan, lehen lerroan, politikari asko ikusi genituen, siglez gaindi, kriminalizazio politikoaren kontra bat eginda. Donostiako Aske Gunean gertatutakoaren harira, aldiz, desobedientzia zibil erakustaldia desitxuratu eta kriminalizatu nahian ikusi ditugu politikari gehiegi. Argazki zaharrei begira segitzen dute. Horixe beraien erretratua.
Hizpideak
Erretratuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu