Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Normaltasun santua

2023ko apirilaren 07a
00:00
Entzun
Normala ei da egoera Irunen, alardeari dagokionez. Normala da, nonbait, alkateak ez ikusiarena egitea gizon eta emakumez osatutako alardeari, erabat jarrera diferentea duenean gizonez bakarrik osatuta dagoen alardearekin. Normala izango da herriko talde handi batek eskaera bat egiten dionean alkateak erantzun ere ez egitea—Alarde Parekidea antolatzen dutenek eskatu dute Udalak har dezala alardea antolatzeko ardura, lehen egiten zen gisan—. Ez bai eta ez ez. Mutu. Normala izango da herriko gazteak, ados egon arren, oraindik ez sentitzea aske alarde mistoan desfilatzeko. Normala izango da Alardearen auzia bizikidetza arazo batera murriztea. Bada, ez, aurreko guztia ez da normala. Eta ondo ez dagoena normaltasun gisa azaldu nahi izatea, tranpa egitea ez ezik, arduragabekeria ere bada politikarien partetik; izan herriko edo izan alderdiko.

Ohikoa izango da ez ikusiarena egitea «normaldu» nahi diren gauzei. Hegoaldean jai egiten den Aste Santua zergatik ospatzen den gogoratu ere egin gabe pasatuko ditu jende gehienak opor egunok. Elorrioko Topagunean elkartuko dira batzuk, Mediterraneo aldean ere izango da saldo bat, aireportuetan bada mugimendua, mendietan ere izango da prozesiorik. Izana aldatua duten oporrei izena aldatzea ere ez legoke gaizki. Opor santuak. Udaberrikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.