mikel p ansa
HIZPIDEAK

Soriona

2023ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Euskaldun askoren ileak laztu ziren joan den azaroan, Irulegiko Eskuaren aurkikuntzaren berri eman zutenean. Ezin esplikatu zen poz bat, bizkarrezurrean behera. Aurkikuntzak berak zituen esanahi guztiengatik, bai; baina baita aurkitu zuten lekuarengatik ere. Ez kasualitatez, Nafarroaren bihotzean agertu baitzen. Ezagun zen lingua navarrorum delako honen jatorria, baina Irulegikoak mila urte eta gehiago atzeratu du jatorri hori, eta Nafarroako lur horretan kokatzen du, erabat, euskararen sustraia —sustraietako bat behintzat, esan beharko da badaezpada ere—. Euskalduntze berantiarraren teoriek deslegitimatu nahi dute euskararen jatortasuna zenbait eremutan. Beste xenofobo batzuk kexatzen dira euskaldunak pozik daudelako beltzak euskaraz ikusiz. Eta glotofago batzuk nardatzen dira mediku euskaldunak nahi izateagatik. UPNk maiz astindu du «badatoz euskaldunak!» mamua. Berdin dio. Euskaldun izateko poza doan da. Nahi duenak ikas dezake. Eta euskaldunak pozik sentitzen dira euskaldunekin euskaraz hitz egiteaz, edozein dela ere haien azalaren kolorea. Nornahi izan bailiteke euskaldun. Nahi badu. Eta poz hori atera zuten atzo kalera Iruñean, Sorionekuak mugimenduko kideen eskutik, milaka lagunek. «Euskara ez da inondik heldu. Euskara hemen zen, hemen da, eta egonen da», esan zuen Saioa Crespo Argia ikastolako zuzendariak. Kutsatuko al da euskaldunen sorion hori bazter guztietara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.