Orain, ausartu zientzia fikzio pixka bat egitera. Imajinatu Hondarribiko alardean, tradizioaren aginduz, debekatua dutela desfilatzea Espainian jaiotakoek. Pentsatu aitzakiak eta arrazoiak: duela ehunka urte bertakoen arbasoek hala egiten zutela, tradizioak errespetatzeko daudela,ez dela bazterkeria, festa ulertzeko modu bat besterik ez dela.
Imajinatu Espainian jaiotakoek, eskubide urraketa horretaz aspertuta, konpainia bat osatzen dutela eta desfilatzeari ekiten diotela. Imajinatu horregatik eraso eta iseka andana bat pairatzen dutela: «espainiarrak», «maketoak», «nazkagarriak»... esaten dietela, eta ostikoka eta bultzaka hartzen dituztela. Imajinatu, euren alardea pasatzen den bitartean, Espainiako banderez estaltzen dietela bidea, «bertako alardea», «ez zaituztegu hemen nahi» eta halako hamaika lelo haietan idatzita.
Imajinatu Ertzaintzak ez duela gauza handirik egiten, ez bada ohartaraztea banderolak ateratzea eta espainiar jatorriko alardezaleekin liskartzea debekatuta dagoela. Pentsa Espainiako hedabideak, Guardia Zibila, PSOE, PP, Ciudadanos... Eta ez imajinatu gehiago, ahalegin bihurriegia baita. Konparazioak egitea alferrikakoa da, jakina, baina Hondarribian desfilatu nahi duten emakumeekin gauza bera gertatzen ari da. Urtea joan, urtea etorri. Eta gehiegi dira pasa dadin uzten jarraitzen dutenak.

HIZPIDEAK
Urtea joan, urtea etorri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu