Vicent Partal.
Enbaxada bila

Iskanbila ederra ari dira sortzen

2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Ez zait batere gustatzen Krimean zer gertatzen den. Jakina, haien autodeterminazio eskubidearen alde nago, baina uste dut ezin dela jardun Errusiako tropak han dituztela. Putin kriminal bat dela iritzi diot, eta gure alde jarriko balitz ere eta independentziaren aldeko sutsuena izango balitz ere, halaxe pentsatuko nuke. Beraz, ez daukat batere gogorik lagundu gaitzan.

Hori esanda, baina, «Krimea auzia» neurri batean dibertigarria ere ari da gertatzen; utzidazu adjektibo hori erabiltzen—nik ere badakit ez dela oso egokia—. Dibertigarria, baina zentzu honetan: haiek berak, espainiarrak, sekulako iskanbila ari dira sortzen.

Herrialde serio batek printzipioak eta arauak ditu, eta horien arabera jokatzen du. Espainia beti ibiltzen da azken orduko jokaldi taktikoen bila, hipokrisiaz, eta egoera hainbeste behartzen du, ezinezkoa izaten da eustea. Adibidez, gogoan dut nola tematu ziren Ukraina ez onartzen, eta SESB babesten setatu ziren, are inork hala egiten ez zuen garaian. Jeltsin Bartzelonan egon zen, eta Pujolek egin zion harrera; Espainiako Gobernuak, berriz, izurria balu bezala hartzen zuen. Eta esan beharrik ez dago nola tratatzen zituen Estonia eta Armenia: gaur egun Margallok zuzentzen duen ministerio horrek berak aurrekari arriskutsutzat hartzen zituen.

Ondorioz, oso dibertigarria da orain ikustea nola defendatzen duen hainbesteko grinarekin Ukrainako herrialdearen osotasuna. Eta, are gehiago, hainbesteko suhartasunarekin agertzea alde bakarreko independentzia adierazpenen aurka, Krimearena izan edo beste edonorena; izan ere, horrexek ikaratzen dituzte, horixe lortuko baitugu guk. Non dago ahultasuna? Tira, adibidez, Espainiak diplomatikoki onartzen du Palestina: bere independentzia aldarrikatu zuen; noski, alde bakarrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.