Lagunekin egin nuen lehen bidaiaren ondoren izeba etorri zitzaidan Loiura bila, esku biekin egin zigun agur maletak zinta-garraiatzaileak noiz ekarriko zain geunden bitartean. Hegaldi bat bakarrik hartu nuen lehen aldian, ahizpa eta aita etorri zitzaizkidan bila, hiruko besarkada batean urtu ginela uste dut. Hegazkin bidaia osoa negar malkotan egin nuen batean lagun on bat etorri zitzaidan bila gominolaz betetako poltsa handi batekin.
Ni inoren bila joan izan naizenetan ere, adeitsua izaten saiatu izan naiz beti. Akorduan dut pisukide baten bila lore sorta batekin joan ginenekoa. Lagun min bati motxila emateko agindu nionekoa. Parekoa muxu batekin hartu nuenekoa. Aitaita eta amamarengana korrika abiatu nintzenekoa.
Bakoitzak komeni zaion moduan egiten ditu ongietorriak. Ahal eta nahi duen bezala. Hamaika gauza ikusiko zituzten Loiuko kristalezko ateek honezkero. Opari kursiak, besarkada zurrunak, begirada tristeak, eszena sinesgaitzak... Pentsa, estatu genozida batek torturatutako kide baketsuei polizia motiborik gabe nola oldartu zaien ere ikusi behar izan dute berriki.