Angel Erro.
JIRA

Amets, zertaz

2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nork egiten du maizago amets azterketekin, edo azterketa bat suspenditzearekin, ikasle onakala ikasle txarrak? Pentsakor utzi ninduen, ohartu nintzelako hemen daramadan denbora guztian inoiz ez dudala zutabe hau ez entregatzearekin (edo norbait kalean kargu hartzeraino haserretzearekin) amestu.

Orduz geroztik arreta gehiago jarri diet izaten ditudan ametsei. Eta harritu naiz, alde batetik, ugaldu direlako gogoratzea lortzen ditudanak, baina batez ere ez nuelako uste hain amets grisak izaten nituenik. Adinaren kontua izanen da? Aurrekoan, esaterako, nire ametsetako kezka zen ikuztegira eraman beharko nuela beroki lodi bat, hortik ekarri berri eta atzera zikindua.

Gaurkoan autoan nindoan zerbaitek geldiarazi gaituenean (Parisko manifestazioren batek?). Errudun sentitu naiz bertan parte hartzen ez egoteagatik. Baina ez, aurreko autoren batek matxura izan eta mekanikariak 300 bat euro eskatzen zizkion konpontzeagatik. Beste gidari bat hurbildu, eta engainatu nahi zuela esan du. Mekanikariak bere buruaren defentsan: «Zer nahi duzue egitea? Herri berekoak gara eta!». Besteak herrikide batengandik ziria sartzea baino esperoko ez balu bezala. Garai bateko amets erotikoak nahiago, politika-ekonomiazko hauek baino.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.