Hoztuta esnatu naiz gaur. Eztarriko min puntu batekin. Eztarria tapatuta lo egitera derrigortzen ninduen batekin akordatu naiz ezinbestean. «Beitu, ba hortan arrazoie euketzun» esan diot aireari. Marranta igarri dut ahotsean, atzokoa baino zuriagoa den zurbiltasuna aurpegian, mukiak euren askatasuna aldarrikatzen… heldu da negua, pentsatu dut neure artean.
Propolia, erregina-jelea eta okurritu zaidan dena hartu dut gosaldu baino lehen. Batzuetan ezin zaio utzi gorputzari eguna mantapean pasatzen. «Eta aurpegitxo hori?» esan dit pisukideak sukaldera jaitsi denean. «Negue sartu da nire kuartora» esan diot.
Barruko kamiseta, galtzerdi lodiak eta eztarria tapatzeko zerbait atera ditut ohe gainera. Oraindik erretiratu ez ditudan praka laburren ondotik. Ez da beste munduko ezer, pentsatuko duzue. Egun arrunt bat, esango dizuet. Mesanotxeko kaxoitik gure aitonarena izandako mukizapia atera dudanean apurtu da, ordea, arruntasuna. Zapi zuria hartu eta zintz egin dudanean. Aitonaren mesanotxetik lapurtu nuen egunaz akordatu naiz. Batzuetan bizitza edertzen du anakroniak.