Etxeei buruz berba egitea ez da karameluei buruz berba egitea. «Nik ja txupatu ditut, beraz, nireak dira» logikak ez du balio. Etxebizitza ez da geure barruko umeari bariku arratsaldeetan permititzen diogun kapritxo garestiegi bat. Batzuei gertatzen zaie, baina normalean, etxeak ez dira bolo-boloan banatzen, errege kabalgatan karameluak nola.
Jendetza ibili zen atzo Hego Euskal Herriko kaleetan hara hona. Pozgarria da etxebizitza eskubidearen aldeko borroka jendetsua dela ikustea. Poz handiagoa hartuko nukeen, hala ere, hara-hona ibili ziren horiek guztiek argi izango balute etxebizitza eskubidearen aldeko borrokak (ere) zentzua izango badu, antirrazista eta transfeminista izan behar dela ezinbestean.
Kaleak beteta eta muturtuta, nola ez, etxebizitzaren auziaz karameluei buruz bezala hitz egiten duten horiek. Jende apetatsua omen da, euren ustez, etxe bat nahi duena. Jakin nahiko nuke zenbat jende bizitzeko adina etxe lortuko genituzkeen oinarrizko eskubideei apeta deitzeko aurpegia duen jende hori guztia desjabetuko bagenu.