oihana arana

Argazkiak

2026ko otsailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nahiko bat nator poesia argazkilaritzarekin lotzen duen jendearekin. Bi diziplinetan da inportantea zer erakutsi ondo pentsatzea. Bietan da garrantzitsua kolorea, erritmoa, argia… ondo neurtzea. Eta helburua bera da beti: eszena bat jasotzea. Existitzen den eszena bat kapturatzea. Edo hartzaileari gertagarria irudituko zaion eszena bat asmatu eta hura jaso duzula performatzea, gutxienez.

Kamera etsai handia da, ordea, hitzen atzean ezkutatzen garenontzat.

Neure buruaren berbazko ehunka irudi ditut han eta hemen barreiatuta. Baina norbaitek argazki bat ateratzeko esaten badit, estu ipintzen zait gorputza. Besoak erori egiten zaizkit, eta hor egoten dira gorputz-enborretik zintzilik, gereziak balira lez. Begiek itxita egoteko gogo izugarria sentitzen dute bat-batean, eta zabaltzekotan erdizka irekitzen dira. Ezpainek inoiz ez moduko keinu arraroak egiten dituzte, isilik egoten jakingo ez balute bezala.

Egiari zor, pentsatzen hasita, poemetan ere jasotzen dira besteen irudi desitxuratuak. Akaso, hor dago bi diziplinen antzekotasunik handiena: poema bat egin diezaioten ez du inork posatu behar. Lapurtuak dira poema gehienak. Argazki onenak ere bai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA