oihana arana

Atalkatzeaz

2026ko azaroaren 20a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Etxetik lan egiten hasi nintzenean erabaki nuen: lan ganoraz egiteko komeni da gorputzean ahalik eta kezka gutxien almazenatzea. Zerbaitek bihotza azkartzen badit, motiboa papertxo batean idatzi eta paretan itsasten dut zuzenean. Gauza bera egiten dut oinen dardara gelditu ezin dudanetan eta hestegorrian korapiloa sortzen zaidanetan ere. Hala dauzkat orain, oharrez betetako bost post-it eta zintaz itsatsitako orrialde erdi bat parez pare dudan pareta zatian.

Batzuetan, ordea, paper zatiak ez dira nahikoa izaten. Gorputzak bere kabuz egiten du berea, nik erabakitako banaketa-sistema absurdoari kasurik egin gabe (uste dudan baino argiagoa naiz, ez naiz neure tranpetan jausten). Eta berdin jarraitu behar izaten dut lanean, dardara, arnasestua, buruko mina… denak neure parte direla onartuta. Eta pentsatzen dut ez ote litzatekeen erosoagoa izango norbere gorputza atalkatu ahal izatea. Tarteka belaun bat, urdaila, bizkar zati bat edo belarriak bertan uzteko kako bat izatea idazmahaiaren ondoan. Grazia egin dit burutazioak, nahiz eta badakidan ez nagoela ados.

Gainontzeko post-itak kendu eta «Gorputzak ez du lana oztopatzen» idatzi dut papertxo batean, «lanak oztopatzen du bizitza».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA