Badaude hirian bizitzeari utzi nionetik galdu ditudan ohitura batzuk: astegun buruzurietan goiz afaldu eta zinemara joatea da horietako bat. Eguaztenean egin nuen aspaldiko partez. Eguerdian prest utzitako purea elkarrekin jan, beroki eta bufanda bana hartu eta Donostiara abiatu ginen pisukidea eta biok. Elkarri besotik hartuta egin genuen aparkalekutik zinemara arteko ibilalditxoa. Nahita aparkatu genuen apur bat urruti; hiriak ikus gintzan.
Gustatuko zitzaigula agindu zigun lagun bati esker, Moscas aukeratu genuen. Bakardadea, gaixotasuna, pobrezia, haurtzaroa eta jolasa uztartzen dituen film mexikarra. Ederra da oso. Tristea ere bai. Geldoa, baina saltarina. Niretzat kontakizunek izan behar duten modukoa. Asko gustatu zitzaigun.
Filmari buruzko kontuak esaten egin genuen bueltako bidea, oinez lehenengo, kotxeko berotasunean gero. Etxera heldu, oinetakoak erantzi eta isilik egin genuen nork bere logelarako bidea. Berehala lokartu nintzen ni: tristura eder erakusten duten gauzek gorputzean uzten duen arrasto anbibalentearekin.