Egun batzuetan ez dut ganoraz bazkaltzeko tarterik izaten. Ez haserretu nirekin. Ezagutzen duzue bizitza kontenplatiboaren aldeko nire hautua, nik ere maite ditut plater beroak eta siesta. Normalean gauzak ondo eta lasai egiten saiatzen naiz, baina egun batzuek ez didate uzten. Sinplea da buruketa: A puntuan egin beharreko jarduna bazkalorduan amaitzen badut eta bazkalostean ordu eta erdira dagoen B puntuan egotea tokatzen bazait, gidatu bitartean bazkaltzeko gaitasunik garatu ez dudala kontuan hartuta, gehienez jota bost minutuko hondarra gelditzen zait aparkatu, txoferraren aulkia apur bat atzeratu, eta altzoa zikindu gabe zer edo zer jateko.
Neure buruarekin jatorra izaten ahalegintzen naiz, hala ere. Termoa ez bada, otartekoa eta fruta apur bat beti izaten dut aldean. Baita kotxean larrialdietarako gordetako fruitu lehorrak ere. Eta are, lantzean behin mango zaporeko kefir poto txikiak erosten ditut horrelako egunetan, esnekiak edatearen plazer infantilak edozein egoera edertzeko gaitasuna daukala badakidalako. Esan bestela ez ote lizuekeen lanean jarraitzeko indarrik emango, segundo erdiz bada ere, erretrobisorean zeuen burua bibote zuri batekin ikusteak.