Bihotza uzkurtzen diguten berriak irakurtzen ditugu egunero han eta hemen. Bilbotik etorri da horietako bat asteon: Bira kulturguneak programazioa etengo du. Pantailara itsatsita geratu zaizkit begiak, lehortu egin zait ahoa, korapilatuta igarri ditut berbak eztarrian. Banekien gerta zitekeela, aspaldi abisatu zuten, esan ziguten diru laguntzak murriztu zizkietela, baina horrek ez du baretzen atsekabea.
Berria irakurri eta neure burua irudikatu dut han, emanaldi eder baten osteko tragoan, hitzaldi bat hasi aurretik txintxo-txintxo aulki batean eserita edo oholtzara igo aurreko urduritasuna tripan dudala. Egiari zor, nahi baino gutxiagotan zapaltzen dut espazioa; dena den, erreferentziazko lekua da Bilbora gutxitan joaten garenontzat ere.
Badakit badakizuela, baina ez dakit zelan esan… gure mundua txikitu egiten da euskal kulturak etxe bat galtzen duen aldiro, eta nahi baino jende gutxiago dago honekin kezkatuta. Batek daki zenbat Bira egin ahalko liratekeen pabiloiak bete daitezen gastatzen diren billete horiekin guztiekin.