oihana arana

Botoia

2026ko azaroaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Botoi bat galdu du nire alkandora gustukoenak. Heldu nintzenean amamak oparitu zidan jostotzara ekarri dut egongelara. Ezkerreko eskuan zabaldu ditut metalezko kutxatxo baten neuzkan botoi guztiak. Ondo datorkiona aukeratu eta argi zuria piztu dut jostorratza albainutu ahal izateko. Ez dut sekula lortzen lehenengo ekinaldian. Berehala lortu dut, hala ere. Minutu gutxian josi dut botoia. Janzteko moduan geratu da berriz alkandora. Titarea erantzi, hariak gorde eta bere lekuan utzi dut otzara. Hantxe egongo da hurrengo botoi galera edo hurrengo galtzerdi zulatua agertu arte.

Ez dakit zehazki noiz eta nola, baina badakit gure amamek irakatsi zidatela botoiak josten eta galtzerdiak pasaratzen. Gauza handietarako josteko makina erabiltzen zuten biek. Gogoan dut makina zahar haien triki-traka. Gaurkoa moduko jardun txikiak sofan egiten ditu batak, bestea sukaldeko mahaian aritzen zela dut gogoan. Orain, botoi bat josten dudan bakoitzean, batak gaztetan fabrikan galdutako atzamar puntak eta besteari artrosiak okertu zizkionak etortzen zaizkit gogora. Eta ez dakit ez ote den hori oinordetzan jaso dudan gauzarik garrantzitsuena: euren eskuekin gauza txikiak konpontzen jakitea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA