oihana arana

Claudia Rodriguez

2025eko abenduaren 2a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Claudia Rodriguez idazle eta trans aktibista txiletarra hil dela jakin dut. Zaila egiten zait irakurri ditudalako bakarrik ezagutzen ditudan pertsonen heriotzarekin zer egin asmatzea. Dolu arraroak dira. Isilik egon naiz apur batean.

Orain dela urte eta erdi edo ezagutu nuen Rodriguez: ohiko liburu dendara sartu eta Cuerpos para odiar izeneko liburuarekin maitemindu nintzen egunean. Idazleak berak fanzine formatuan argitaratu eta zabaldutako testuen bilduma eder-ederra topatu nuen azal probokatzaile batek bikainki aurkezten duen artefaktuan.

Berriz zabaldu nuen atzo, honakoa da lehen esaldia: «Diferentea dena monstruosoa eta groteskoa dela uste denez gero, hain izan naiz gorrotatua, ezen idazteko motiboak baititut». Esaldi bakoitzarekin arnasa estutzen duen idazkera da Rodriguezena, idazketa labana bat dela gogorarazten duena, gorputzekoa, zaurietakoa. Ona, benetan ona.

Amaitzear neukan zutabea ezabatu eta hau idaztea erabaki nuen azkenean. Fanzineak dabiltzan bezala, eskuz esku ibil dadin bere izena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.