Batzuetan ixten duzu liburu bat eta isilik geratzea da egin dezakezun dena. Oraintxe amaitu dut Garazi Arrula Ruizen Dakigun hori. Goizeko zortzi eta erdiak dira, liburuak amaitzeko nire eguneko momentu kuttuna. Orri-markatzailea mesanotxean utzi eta liburua besarkatu dut edredoipean. Ez dakit idazlea, protagonista, narratzailea… nor den benetan besarkatu gurako nukeena.
Bere bizimodua komunitate sektario baten barruan egiten duen Idoiari buruzkoa da liburua. Horri buruz haren inguruak dakien hori guztia biltzen duen kronika nobelatu bat. Komunitateaz, biolentziaz, doluaz… hausnartzeko bikaina. Erantzuteko zailak diren galdera deseroso asko sortu zaizkit. Espero gabeko lekuetan bukatu dut.
Egiaren eta gezurraren artean dabilen istorioa da Arrularena. Egia zer eta norentzat den, hori da, akaso, kontakizunaren gakoa. Gosaltzera jaitsi naiz horretarako indarra pilatu dudanean. Ordenagailua piztu dut liburuari buruz esan direnak irakurtzeko. Idazlea agertu zait bideo batean. Bere helburua irakurlea epel ez uztea izan omen da, nolabaiteko desplazamendu bat eragitea. Uste dut hori dela literaturak egin diezagukeen oparirik handiena.