Angel Erro.
JIRA

Egutegiak

2014ko abenduaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Nire aitonak (ez dut inoiz aipatu, samurgintzan amonek askoz hobeki ematen baitute) maiz esaten zuen ergel guztiek bolaluma eramaten dutela eta burusoilek orrazi bat, billete zorrotik metalezko orrazi txiki bat eta bolaluma ez handiago bat ateratzearekin batera. Jakitekoa da aitonak ez zekiela idazten eta burusoila zela.

Zer duzun peitu, huraxe egarritu.

Herenegun eta atzo, Iruñeko Udalak atera dituen 15.000 egutegiak banatu zituen, egun bakoitzean erdi bana. Egunkarian irakurri dut lehen egunean bi ordutan agortu zituztela 7.500ak. Argazkian zaharren ilara luzea ikusten da, irrikatutako egutegiaren zain, 365 egun gehiago bizitzeko promesa balitz bezala, sei edo, kasurik hoberenean, hamabi orrialdetan inprimatutakoa.

Anekdotagintzan ez da guztia kontatu behar. Efektu gehien eragiten duen puntuan gelditu beharra dago. Ez dut esan aitonak idatzi ez, baina batuketak eta kenketak egiten bazekiela idatziz, eta harro atontzen zuen ile zerrendatxo erromatarra bazuela garunean.

Ez dut esan aitak, bere etxean, harro erakutsi didala hainbat erakundetatik bildutako 2015eko egutegi sorta, nik bat aukeratzeko eskatuz. Itsusiena (eta zaila zen erabakitzen) eraman dut, hola gaztetuko dudalakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.