Eman du zer esana. Polemikari garai bateko armekin, arma dialektikoekin, erantzun zaio. EH Bilduko zazpien uko gutuna leitu ondoren, so azkar bat eman diot Twitterren desagertu ote diren egunotako argudioak: legezkoa zela, beste alderdi batzuetan ere etakide ohiak egon badaudela, damutu beharraren erabilera politikoa, herritarren benetako arazoez (etxebizitza, osasungintza...) mintzatu behar ez izateko trikimailua zela, betiko trikimailua, dagoeneko inor engainatzen ez duena... Ez dira desagertu, baina oso atzean gelditu dira Denbora Lerroan. Horrelakoak idatzitako askok estrategia berria txalotuko dute, logikoa den bezala. Eta niri ongi iruditzen zait, noski. Lehen esandakoetan ere ez zuten arrazoi guztia faltan, okerreko hanka aurreratu arren, estatu arrazoi nagusia ikusi ezin arren. Askotan gertatzen da. Ahateari igerian irakatsi nahi izaten diogu. Goi politikaz emanditzakegun iritziek bost xentimo balio ohi dute.
Beste aldekoek agian txalotuko dute orain EH Bilduko zazpien erabakia, egiten duen ekarpen etikoagatik, elkarbizitzaren aldeko apustuagatik, ura bere sorora eraman nahian. Eta niri ongi iruditzen zait, noski. Erabakia zer bulegotan eta nork nori eginiko deitan hartu den jakitea baino politagoa.

JIRA
EH Bilduko zazpiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu
Irakurrienak