oihana arana

Entzuteaz (II)

2026ko ekainaren 9a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Plentziako zeru urdin ukaezinari begira erabaki genuen domeka goiza Algortako Portu Zaharrean pasatuko genuela. Beti da ederra aspaldi egon gabeko txokoetara beste pertsona batzuekin, beste gorputzaldi batekin… itzultzea. Bizitza zer da oroitzapen zaharren gainean berriak metatzea ez bada.

Bizkarra harri epelaren kontra jarri, begiak itxi eta aurpegira zetorkigun haizea goraipatzen ari ginela, gizon zahar bat etorri zitzaigun aldamenera, gure amamaren adin bueltakoa. «Ederki zaudete», esan zigun. Eguneroko bizikleta buelta egitetik zetorren, maillota erantzi eta bizkarra harri epelaren kontra jarri zuen berak ere. «Ni zuek banintz itsasoan bainatuko nintzateke», esan zigun, «nik ere egingo nuke, baina bronkitis fuerte bat izan berri dut eta ez didate uzten». Kontu pila bat kontatu zizkigun. Guk apenas egin genuen berbarik, entzuten ari gintzaizkiola adierazten zuten berba silababakarrak baino ez genituen ahoskatzen lantzean behin. Horri buruz pentsatu nuen joan zenean. Besteei entzutearen arteaz. Besteen istorioek gugan uzten dituzten arrastoei buruz. Ez dakit zergatik egiten dugun hain gutxitan.

Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena.BABESTU EZAZU ZUK ERE