Angel Erro.
JIRA

Entzutekoak

2021eko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Suposatzen dut azkenean entzunen ditudala. Guardia Zibileko bi goi kargudunen arteko solasaren audioez ari naiz, Mikel Zabalza nola torturatu zuten iruzkinduta, zertaz aritzen ziren ongi zekitela aditzera emanez. Twitterren notizia ikusi eta play sakatu dut eta kalitate eskaseko soinua abiatu da, baina berehala gelditu behar izan dut. Ez dut sabelik izan. Esaldi bat edo beste ikusi dut hortik. Eguna luzea da eta, notiziei begira bizi naizenez, zaila da ez-entzun honetan luze jarraitzea. Baina ez dut nik bilatuko. Ez-entzun honetan esan dut, hitza asmatuta-edo. Kasu honetan, eta torturez ari garela, ezjakintasunaz hitz egitea ez dagoelako. Horregatik, uste dut, ez ditut entzun behar.

Baieztapena badakarte, bai, baina jakiteko berririk ez. Intxaurrondon gertatutako izugarrikeriak ukatuko dituenik bada? Jakiteko berrik ez, baina gutxienez baieztapena dira. Norentzat, baina? Halako baieztapen sonoroa behar zutenak dira arreta gutxiena eginen diotenak, ezikusi handiena, edo ez entzun handiena eginen diotenak, iraganaren izara zuria, orrialde-pasa, ozenen aldarrikatuko dituztenak, norbaitek hartara estutuz gero. Tira, haiek ere ez zuten baieztapenik behar. Argudioak pixka bat aldatu beharko dituzte, beharbada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.