Gaur Ezkio-Itsason Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatuko da. Hezkuntzaren katramiletan apenas entzun dudan eskola txikiez ezer. Eta nondik hasi…
Eskola txiki batzuetan patioa herriko plaza da, jangela herriko ostatua, Gorputz Hezkuntza herriko frontoian egiten dute. Eskola txiki batzuetan ikasle kopurua murritza da, beste batzuetan murritzegia, eta badira ikasle kopuru murritza ezaugarri ez duten eskola txikiak ere. Eskola txiki bat ez da Montessoriko ikastetxe pribatu bat. Euskadiko Eskola Txikien koordinazio taldeko kideek esandakoa da: «Ez gara ezeren alternatiba, kalitatezko hezkuntza publikoa gara herri txikietan». Eta, halere, eskola txikietara haurrak joateko arrazoia izan daiteke hezkuntza alternatibo nahia, izan daiteke herri bizitza sustatzea, izan daiteke bestelako aukerarik eza. Eskola txiki batean gatazkak daude, eskola txiki askotan baliabideak falta dira, eskola txikietan ikasle batzuek jazarpena jasaten dute. Eskola txiki batean 4 urteko haurrak, 7koak, 11koak batera esertzen dira korroan; eskola txikietan ere badaude korroak, badaude adinak, badaude 4 urtekoekin egon nahi ez duten 7koak. Eskola txikiak ez dira txikiak bakarrik.