Idazmahaian eseri naiz galtzerdi lodiak eta txabusina jantzita. Hotz egiten du gurean. Izoztuta dauzkat eskuak. Teklak sakatzeak min emateraino izoztuta. Hori ez da etxearengatik, hori nire eskuengatik da, baina tira. Idazten hasi aurretik eskuak berotu behar ditudala erabaki dut. Sukaldera joan naiz infusio bat prestatzera. Ane Labakaren Hezur berriak liburua hartu dut urak irakin arte behar duen tartea betetzeko. Aurreko irakurraldietan azpimarratutako esaldiak baino ez ditut irakurtzen halakoetan. Bakoitzak bere modura egiten du scroll. «Zirriborro lanbro bat daukat/ burmuinean/ egin nahi nituzkeen guztiak loopean/ gosaritarako ontziak oraindik harraskan/ eta izarak eta komuna eta ilea garbitzeke». Esan dit Labakak lehen orrialdean. Barre egin dut gure harraskari begira. Beste zazpi bat azpimarra irakurri ditudanean bete dut katilua. Hartu dut liburua besapean eta ipini ditut esku biak ontzi beroaren kontra. Gorputzetik idazten dugula diogunean ez gara metafora bat egiten ari. Idatzi dut idazmahaira iritsi eta berehala.
Esku hotzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu