Estreinatu zen egunean joan ginen La bola negra filma ikustera. Gure etxetik gertu dagoen merkataritza-gunean izan zen; jendeak aretora hanburgesak sartzea ideia ona dela pentsatzen duen orduan. Komeni da lantzean behin plan mainstreamak egitea ere.
Sarrerak azken orduan hartu genituenez, elkarren alboan beharrean diagonalean esertzea egokitu zitzaigun. Pelikula komentatzeko modurik izan ez arren, elkarren presentzia igartzeko bezain gertu. Gustatu zitzaidan. Gauza batzuk beste batzuk baino hobeak iruditu zitzaizkidan, baina tira, alperrik da arteari perfekzioa eskatzea.
Eta filmak komentatzea izugarri gustatzen zaidan arren, aretotik irten eta kotxera heldu arteko bidean ez genuen horretarako tarterik hartu. Ingurukoek egindako oturuntzak eragindako haserreaz baino ezin genuen berba egin. Eta benetan diotsuet, ni naiz poesiak kalea behar duela esatera ausartzen den lehena; baina sekula ez nuen pentsatu zein zaila den poesiarekin gozatzea aldamenetik hanburgesa txarraren usaina datorkizunean.