oihana arana

Euskal Udalekuak (II)

2026ko ekainaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kamiseta berri bat daukat: Hazi ginen lekuan berriz elkartzeko dioen kamiseta urdin bat. Eguzki eder bat ageri da kamisetan, baita ilargia ere. Arbolak eta landareak daude hizkien inguruan, urmael bat, pertsona jostari batzuk paisaiarekin katramilatuta. Euskal Udalekuen kamiseta da. Urte ezin gogorrago bat igaro eta gero jantzi duten azal berria.

Gertatzen ari dena aisialdi eredu euskaldun eta feminista baten kontrako erasoa da. Jakinarazpen burokratiko bat ez egin izanaren aitzakia erabilita eta legearen gainetik jardunda ito nahi dute proiektua. Desagerrarazi. Iritsi ez zaizkien usteko eraso-salaketak eta dutxen auziarekin piztu zen alarma soziala baliatzen ari dira horretarako. Inportantea da azpimarratzea, atzoko Gasteizko agerraldi jendetsuan adierazi zuten bezala, Euskal Udalekuek ez dutela ustezko prozesu judizialarekin lotutako informaziorik jaso, eta, beraz, akats administratibo bat dela debeku hauen guztien atzean dagoena. Akats administratibo bat.

Nik gorde dut abuztuaren 29a. Amorratuta, baina pozik joango gara Bernedoko jaialdira. Ez zait okurritzen jende ederrarekin batera paisaiarekin katramilatzea baino ideia hoberik. Zuekin gaude. Errepresiorik ez! Aurrera Euskal Udalekuak!

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA