Euskaraz ere OnlyFansOnlyFans izango da, baina OnlyFans ez da fanak bakarrik. OnlyFans-en definizio hau dakar sareak: «Sexu eduki esklusiboaren eta esplizituaren araberako harpidetza plataforma. Bertan, beste sare sozial batzuen antzeko profilak daude, baina edukietara harpidetzeko ordaindu egin behar da». Eta berriz ere debatera prostituzioaren mugak. Kontua da Suediak, uztailetik aurrera, legez kanpo utziko duela bideo sexual pertsonalizatuak Internet bidez erostea. Erostea zigortuko da, eta ez edukiak sortzea. Suediarrek jarraitu ahal izango dute pornografia kontsumitu eta erosten, baldin eta legea onartu aurretik egin bada, baldin eta pertsonalizatua ez bada, baldin eta legeari zuloa topatzen badiozu.
Suedia izan zen 1999an munduko lehen herrialdea prostituzioa legeztatzen. Orduko legeak bezeroak jartzen zituen jopuntuan, eta ez prostitutak. Plataformen aferan ez dago putetxerik, putarik, puterorik, baina konturatzen zara sexuaz idazten duzunetan gutxitan pentsatzen duzula sexuan; beti amaitzen duzula galdetzen klase sozialaz, botereaz, diruaz, genero rolez, plataformen ekonomiaz; galdetzen duzula zeren fanak garen, noiz garen fanak bakarrik.