oihana arana

Genealogia intimoa

2026ko irailaren 19a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Aitaren etxeko sukaldeko telebista txikian ikusi genuen 2009ko Maialen Lujanbio txapeldun hura. Hori baino ez dut oroitzen. Gure aita pozik eta ahizpa eta biok elkarri begira, gertatu zen horren garrantziaren gaineko kontzientziarik eduki barik. Gu bertso eskolan hasi baino apur bat lehenago izan zen. Amarekin jarraitu genuen 2013koa. Gernikako saioarekin akordatzen naiz batez ere. Egun hartan ezagutu genuen txapelketa barrutik; Amets Arzallusen urtebetetze eguna zen. Gurasoek eraman gintuzten 2017ko saio guztietara. Gurasoekin joan eta lagunekin eseri. Litxarreriak jaten genituela dut gogoan. Udazken hartan kantatutakoak dira nire bertsoaldi kuttunetako asko. Urte honekin akordatzen naiz ni txapelketa hitza entzuten dudan aldiro. Gurasoen kotxeak gidatzen ikasi genuen 2022rako. Eta kamera eta mikroa eskutan hartuta jarraitu genuen txapelketa. Batari eta besteari jogurtak banatzen. Orduan ezagutu genuen iritzia publikoki emateak gorputzean uzten duen arrastoa. Kotxe bete jende abiatuko gara gaur bazkalostean Hazparnerantz. Batek daki zer etorriko den, baina ni gogotsu nago 2026ko honek gure historian utziko duen aztarna ezagutzeko. Bertsolaritzaren historian, eta neure propioan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA