oihana arana

Gogorregia

2026ko irailaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arratsaldeko lehen zatia eguzkitan irakurtzen pasatu eta gero sartu nintzen martitzenean liburutegira. Ezetz dirudi, baina existitzen dira eguzkitan irakurtzea baino plan hobeak. Ainhoa Aldazabal literatur adituaren hitzaldia zegoen liburutegian, Heriotza eta literatura izenekoa.

Altzoan koadernoa hartuta eseri nintzen. Ez dut beti izaten apunteak hartzeko halako predisposizioa. Liburu pila bat gomendatu zituen Aldazabalek; ezagunak eta ezezagunak; hemengoak eta hangoak; irakurriko ditudanak eta irakurtzeke geratuko zaizkidanak.

Mari Luz Estebanen Amaren heriotzak libreago egin ninduen poema bilduma aparta aipatu zuenean, liburu horrekin beti gertatzen dena gertatu zen: izenburua gogorregia iruditu zitzaiola aipatu zuen batek.

Ulertzen dut heriotza eta askatasuna esaldi berean jartzeko gai ez izatea. Ulertzen dut amaren heriotza irudikatzeak berak tripak nahastea. Baina uste dut heriotzari begiratzeko modu berriak asmatzeak on egingo digula guztioi. Eta Estebanek berak bikain egiten du hori liburu horretan: «Bakardadean gura nuke hil/ bakardadea sortuz/ idaztean bezala [...]/ udazken bateko edozein ilunabarretan/ zuri esan ondoren/ tartetxo batean/ bakarrik egon nahi dudala».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA