Ezagutzen dudan pertsonarik graziosoenetako bat da J. Gertatzen zaiona esajeratzeko eta gertatuari garrantzia kentzeko modu berdingabea du. Txiste zakarrak egiten ditu, alu eta zakilen sticker pertsonalizatuak bidaltzen dizkigu, koreografia batekin uxatzen ditu fatxak. Madrilen da gaur LGTBIQ+ harrotasunaren eguna ospatzen. Ahizparekin joan da. Ondo, baina denek pentsatzen omen dute bikote direla, eta gutxiago ligatzen omen du horrelakoetan. Kuadrillako Whatsapp taldean egin zuen Madrilerako proposamena. Beste batzuetan berehala idazten den «nik ezin dut» mezua ez zuen inork idatzi. «Nik zer egin behar dut han?» galdetu zuen batek. «Logroñon, Urretxun edo Donostian egingo duzun antzerakoa» erantzun zion, eta elkarrizketan jarraitu zuen esaten harrotasunaren eguna ez dela ghetto baten eguna, berak ere ondo pasatzen duela hetero artean, edo aspertu egiten dela, edo deseroso egoten dela. Egun batean proportzioak aldatzera probatzeko. Hori dena graziarekin baina serio. Ez zuen erantzunik itxaron. Elkarrizketa amaitzeko zakil iletsu baten stickerra bidali zigun, nazka eman ziguna.

Graziarekin serio
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu