oihana arana

Hartu eta bota

2025eko azaroaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Goizeko kafearekin orriztatu eta arratsaldean zernahi gauzatarako erabili izan da beti egunkaria gure gurasoen etxean: konturatu orduko agertzen ziren gustuko zutabegileen zutabeak gure zapata barruetan; oraindik irakurri gabeko erreportaje interesgarriak sukaldeko lurrean; askatu gabeko sudokuak hegazkin forman hegan… Gogoan dut asko haserretzen nintzela: «Ez dau beste papelik, ala? Irakurri bako periodikuekin barriro?».

Bazkaria prestatu bitartean akordatu nintzen atzo eszena horiekin; aldamenekoak, nire lana goraipatzeko asmoz, iritzi zutabeak hartu eta botatzeko testuak direla esan zidanean. Muturra okertu eta «ez nau ados», esan nion, «iritzi zutabiek hurrengo egunien zapatilla barruetan egoteko idazten ditxu jente batek; baina zilegi da beste zeozer ein gura izatie be». Segituan aldatu zen elkarrizketagaia.

Gaur goizean gertatu da, ez nuen sekula pentsatu: neure burua topatu dut nik idatzitako zutabe batekin komuneko ispilua garbitzen. «Hau da iritzixan onena», esan diot zutabearen gaineko argazkikoari, «egun baten oso seguru zauz eta hurrenguen badakitzu ez dauela kristalak garbitzeko modu hoberik».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.