oihana arana

Hasierak

2025eko azaroaren 16a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ahizpa eta biok bertsolariak baldin bagara, nerabeak ginenean gure gurasoek pazientzia handia izan zutelako da. Isilaraztea erosoagoa zatekeen arren, gure jarduna sustatzea erabaki zuten biek. Auto bidaiak izaten ziren gogorrenak eurentzat: pentsa, hondatu zen arte izan genuen 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko CDa kotxean jarrita. Bertsoak entzuten ez bazen, isildu gabe egoten ginen kantuan, buruz ikasitako bertsoak batzuetan, bat-batekoak besteetan… Errepideko elementuei buruz kantatzeaz eta elkarri adarra jotzeaz aspertzen ginenean, gaiak jartzeko eskatzen genion amari eta beti asmatzen zuen kantagarria iruditzen zitzaigun gairen bat edo beste.

Urte batzuk pasatu dira harrezkero, eta egiari zor, zeharo ahaztuta neukan gure amaren gai jartzailetasuna. Harik eta barikuan, Beasainen, Izan Iñurri elkarteak antolatutako Tabuen kutxatik oholtzara izeneko bertso saioan batera oholtzaratzea egokitu zitzaigun arte. Urduri eta emozionatuta pasatu nuen astea, baina gaia jartzen hasi zenean, berriz neuzkan 12 urte, amaren furgoneta zaharrean gindoazen eta ahizpa neukan aldamenean: «Ni hasiko naz, baina zuk esan ze doinutan, bale?». Hasierak ez dira inoiz epikoak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.