Hildakoen eguna da gaur bizirik gaudenontzat. Nekez has daiteke gaurko eguna Itziar Ugartek Hildakoen eguna izeneko poemarekin akordatuta baino modu egokiagoan. Urtero akordatzen naiz poema horrekin. Zelan ez, ba. Esaldi ederra da, baina zalantza sortu dit aurten lehenengoz. Heriotzarekin lotuta egiten ditugun erritu guztiak hildakoentzat ala bizidunentzat egiten ote ditugun pentsatzen daramatzat hilabete batzuk. Vinciane Despreti ikasi nion alde bientzat egiten ditugula. Bizidunen eta hildakoen arteko harremanak berregituratzeko. Hari ikasitakoekin egingo dut aurtengoa.
Zalantzan nago, hala ere. Ez dakit kanposantura joan beharko ote nukeen aitonaren hilarriaren parean dauden loreak txukuntzera. Ez dakit gure aitaren omenez maite dudan norbait ardoa hartzera gonbidatu beharko nukeen. Ez dakit zenbateraino den handia nahi dudanaren eta nahiko luketenaren arteko tartea. Berokia hartu, eta astiro-astiro abiatuko naiz Donostiako autobuserantz. Bizirik gaudela ospatzeko modu on bat da itsasoari begira gaztaina erreak jatea. Eta ziur naiz gu bizirik gaudela ospatzen ari direla hor nonbait hildako guztiak, euren egunean.