Hirian barna paseatzeko gogoa sentitu dut gaur. Paseatzea diodanean badakizue zertaz ari naizen: jende ezezagunarekin gurutzatu, zerua ikusi ahal izateko lepoa okertu, eraikinei kasu egin... Kafe garestiegi bat hartu dut kartoizko edalontziarekin hara-hona ibili ahal izateko. Nik ez dut kaferik hartzen, baina antzerkiaren parte inportante bat da edalontzia. Deskafeinatua eskatu dut, tranpak zilegi dira antzerkian.
Kontua da, edalontzia, gabardina, eguzkitako betaurrekoak, hau eta beste… hiritar sentitu naizela berriro. FlĂ¢neur horietako bat ia. Eta ia diot, hiru pausotik behin jarri dudalako neure burua zalantzan. Hiru segundotik behin pentsatu dudalako antzerki txar bat dela egiten ari naizen hau guztia. Irati Majueloren Hiria gure oinetan liburuarekin ikasi nuen sentsazio horri hitzak jartzen. Majuelok dio gizona izan ala ez, aldatu egiten dela espazio publikoarekin dugun harremana; eta emakume eta genero disidenteok gatazkan bizi dugula espazio publikoa: transgresioan baino ez garela hiri-ibiltari. FlĂ¢neur izatea ere bada, beraz, norberaren presentziaz ahazteko pribilegioa. Eta nik ez daukat hori.