Jaiki eta berehala prestatu diot tuperra neure buruari. Hemen gaude orain, hainbeste ordu lapurtu dizkigun fakultatean, sardexka eta biok elkarri begira. Bazkalosteko kafea makinan ala kafetegian hartuko dugun erabakitzen. Aurkezpena daukat. Hiru urteko prozesu luze eta gorabeheratsuaren ostean aurkeztuko dut, azkenean, master amaierako lana.
Ez zait amaiera guztiekin gertatzen, baina gaur benetan daukat bidean asko ikasi izanaren sentsazioa. Eta ez da irakurtzen, pentsatzen, besteekin berbetan... pasatu ditudan orduengatik bakarrik. Prozesu honekin ikasi dut ez dela ezer gertatzen dena ezarritako denboretan ez egiteagatik. Ez dela ezer gertatzen deialdi batera ez aurkezteagatik, ikasketa ibilbidea urtebete luzatzeagatik. Are, emaitza hobeak edo, behintzat, gustagarriagoak lortzen dira itolarria sentitu orduko arnasteko tarteak hartzen direnean.
Beranduegi ikasi dut hau guztia. Neure buruarekin hain zorrotza ez izaten asmatu dudanean amaituko da, printzipioz, nire ikasketa-ibilbidea. Hori zen gakoa, akaso.