Garbigailuak amaitu arte itxoin dut gorputza sofari emateko, isiltasuna baino ez nuen gura. Begiak itxi, eta sakon hartu dut arnasa. Isiltasun erabatekoa ospatuz edo. Momentu horretan bertan erabaki du bizilagunak motorra hartu eta aldapan gora eta behera ibiltzea. «Gasoliñie dauen moruen egonda, badauko ba jentiek zaletasun karuek», esan izango nukeen umore onez egon izan banintz. Baina sugegorriagoa naiz etxeko intimitatean. Aparkatu du motorra eta isildu da auzoa. Berriz arnasa hartu eta… Plak-plak. Lantzean behin ura galtzea erabakitzen duen konketak ni izorratzeko momentua dela erabaki du. Entzungor egiten saiatu naiz, baina ezin. Komuneraino joan eta pasabidea itxi diot urari. Jaiki naizela aprobetxatuta, mesanotxeko kaxoia zabaldu eta larrialdietarako gordeta dauzkadan tapoiak hartu ditut. Larrialdi bat da gaurkoa.
Astiro egin dut errituala. Lehenengo ezkerrekoa jantzi, arnasa hartu, eta eskuinekoa gero. Kontu handiz, presarik gabe. Biak ondo jarri ditudala ziurtatu eta begiak itxi ditut partxis partida irabazi berri duenaren harrotasunarekin. Bum-bum. Bum-bum baino ez dut entzuten orain. Bihotza itzaltzeko metodorik ez duzue ezagutzen, ezta?