Angel Erro.
JIRA

Itun berria

2023ko martxoaren 7a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Herrialde osoa geldiaraz dezakeen greba deituta dago gaur Frantzian. Macronek, halere, dio eutsiko diola planifikatu duen erretreta sistemaren eraberritzeari. Ea protesta egunaren ondoren gauza bera, indar berarekin, esan dezakeen. Horretarako daude-eta grebak, langile klasearen argudioak kalean begitaratzen dituztenak. Macronek bereak eman ditu, arrazoibidearen itxuran: handitu den bizi itxaropenaren neurrian atzeratu beharko litzateke erretiro adina ere, pentsioen sistema jasangarria izanen bada. Bere logika eduki lezake holako proposamen batek. Baina logikoa ere bada sistemaren jasangarritasun guztia beti betikoen bizkarrean bermatzearen kontra oldartzea.

Itun sozial berri bat ezarri behar bada, ez dadila bakarrik langileek utzi beharreko eskubideetan oinarritu. Ez dut nik esaten ez denik sakoneko transformazioa egin behar, oraingo lan merkatua ez baita duela hogei, duela berrogei, duela hirurogei urtekoa. Baina produkzioaren mekanizazioak ekarri duen langile kopuruaren murrizketak ez du, orobat, pentsioen sistemaren jasangarritasuna auzitan paratu? Ze konpentsazio eskatu zaie enpresei? Burura datorkidan adibide txikia da, ni ez bainaiz aditua. Badakit, baina, hauek kalean negoziatzen direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.