oihana arana

Kanpinetik

2026ko uztailaren 25a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Nerabezaroan ez nuen onartu nahi, baina beti pentsatu izan dut oporrak pasatzeko lekurik onenak kanpinak direla. Umetan erabaki nuen eta ez dut iritzia aldatu.

Atzo ahizpak deitu zidan: «Fango gare kanpinera bixer?». Amari eta JLri sorpresa egitea zen asmoa. Uda osoa han pasatzen dute; ez da oso zaila norbait ezustean harrapatzea etxea karabana batean badauka. «Ni libre nau, etzira arte fan geinke gurabozu», erantzun nion.

Gaur goizean jaiki eta irrikaz prestatu ditut eraman beharrekoak: eguzkitako krema, liburua, pijama, biharko arropa… eta ordenagailua. «Gainontzekue eukiko daue han», pentsatu dut. Ez dago etxera zoazela jakitea baino ederragoa den ezer.

Pozik hartu gaituzte. Horrek ez du, ordea, egunaren erritmoa aldatu. Kanpin erritmoan pasatu dugu eguna, ez dugu ezer berezirik egin: bidean erosi dugun oilasko errea bazkaldu, elkarri kontuak kontatu eta etzanda egon. Gauza handia da bazkalostea etzaulki banatan pasatu ahal izatea.

Komunera joateko jaiki naiz hirurek lo jarraitzen zuten bitartean. Itzultzean, beste edonork hiru gorputz eta etzaulki huts bat ikusiko zituen lekuan, udara ikusi dut nik. Nire bizitzako udara guztiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA