Gaur Bizkaia Arenan herri omenaldia egingo zaie Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoei. Pabiloien Aroa kari, hau ere erraldoia. Izen zerrenda luzeak hartuko du parte ekitaldian. Ni, egiari zor, Pirrutx eta Takoloren izenen bila aritu naiz, eta Patakon, Kintxo eta Ane Pirata ere ez ditut topatu, baina pentsatzen dut ez dela sorpresarik faltako.
Soziologiako irakasle batek esaten zuen Pirritx, Porrotx eta Marimototsek nazio eraikuntzan ekarpen handiagoa egin eta egiten dutela nazio eraikuntzari espresuki lotutako antolakunde eta ekimen askok baino. Aztertzekoa da hamarkadaz hamarkada nola lortu duten halako arrakasta, arrakasta delako zure lanak hainbat belaunaldiri balio izatea. Aldatzen jakin dute, aldatu behar ez zena garbi izanda. 1987an taldea sortu zenetik dozenaka disko argitaratu dituzte, emanaldiak ere ugari, eta, halere, ezin da azaldu pailazoen jarduna euren argitalpenekin bakarrik. Beti lan egin dute intentzioarekin, ertzei eta korapiloei sudur gorritik aritzeko intentzioarekin, eta gauza handia da hori. Katxiporreta taldea existituko ez balitz, asmatu egin beharko genukeen.