Donostian gehien zapaltzen dudan liburutegian Luis Diazen Los bloques naranjas liburua nik baino lehenago hartu duzun pertsona agurgarri hori:
Azkenean itzuli duzu liburua. Eskerrik asko. Zuri ere gertatuko zitzaizun inoiz, tristea bezain pozgarria da liburutegira zerbaiten bila joan eta jada ez dagoela ikustea. Maite ditudan liburuak irakurtzen dituen jendea existitzen dela jakiteak umore oneko jartzen nau beti. Beraz, eskerrik asko x2.
Kontua da, ia bi hilabetez zure zain egon ondoren, zure irakurtzeko moduari lotutako kontu bat esateko zilegitasuna sentitu dudala.
Zera baino ez da: aholku bat. Orrien bazterrak plegatzearen alde nago. Gustatzen zaizkigun esaldien ondoan bihotzak marraztearen alde nago. Erratak zuzentzearen alde nago. Okurritzen zaizkigun ideiak marjinetan idaztearen alde nago. Baina nola izan zara kapaz. Nolatan okurritu zaizu hori guztia boligrafo batekin egitea. Tinta arrosa duen boligrafo batekin, gainera.
Hurrengoan erabili arkatza, mesedez. Hartara, zuk marraztutako bihozñoak ezabatu, eta handiagoak marraztuko ditugu atzetik gatozenok.