oihana arana

Leihoari

2026ko martxoaren 8a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Umea nintzenean, autoko leihoetan ur tantek lasterketak egiten zituztela iruditzen zitzaidan. Bakoitzak bere bidea egiten zuen. Inoiz ez biderik zuzenena. Urak komeni zaion bidea egiten du beti, eta hala behar du. Azkar-azkar joaten ziren batzuk; ezin astiroago besteak. Haiei begira joaten nintzen euri egunetan. Aurreikusezina zen irabazlea.

Nire tanta faboritoak lasterketa noiz irabaziko zain egoten nintzen, egin zezakeen bide onena azkazalarekin markatzen nion bitartean. Ez zen askotan gertatzen, baina ez dut uste frustraziorik eragin zidanik. Nolanahi ere, ez naiz oso ona gauza faboritoak aukeratzen.

Bi ekintza dira leihotik begiratzea eta leihoari begiratzea. Esaldi sinplea ematen du, baina uste baino gehiago pentsarazi dit. Leihotik kanpora begiratzen dut oraindik, leihoari, ordea, zikin dagoela esateko baino ez diot erreparatzen. Bestaldekoa ez da nire ardura, baina leihoa bera bai. Horregatik izango da, akaso.

Berez, beste gauza bat esan nahi nuen, baina zalantzak inbaditu du testua: ez dakit ez ote zaigun gauza gehiegirekin gertatzen hori. Ez ote zaigun gehiegitan ahazten markoari erreparatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA